LAZKAON AIRE LIBREKO IGERILEKUAK
Apirilean hasi nahi dituzte aire libreko igerilekua egiteko lanak Lazkao Proiektua eginda dago eta lanak apirilean hasita 2010. urterako bukatzea espero dute udal arduradunek. arkaitz apalategi Lazkaoko Udalak apirilean hasi nahi ditu kanpoko igerilekua egiteko lanak. Atzo bukatuko zen lanen lizitazioak lortzeko epea, baina dagoeneko proiektua eginda dago eta finantzazioa lortu dute. Estatuaren inbertsio fondotik diru laguntza jasoko duela Udalak egitasmo horretarako. Denera 919.000 euroko aurrekontua dute lan hauek egiteko. LKS enpresak egin du igerilekuaren proiektua. Kiroldegiaren gainean dagoen 6.000 metro koadroko lur sail batean eraikiko dute. Sail horretan bi putzu eta hainbat berdegune jarriko dituzte. Igerileku handienak 314 metro koadroko azalera izango du. Bigarrena txikiagoa izango da, haurrentzako pentsatua; horrek 60 metro koadro izango ditu. Aldagelak, eta janaria eta edaria erosteko makinak ere jarriko dituzte. Proiektuan aurreikusten denez igerilekurako sarbidea Santa Madalena eta San Jose kaleetatik egingo dute, eta ez kiroldegiaren barrualdetik. Gainera, San Jose kalean egin nahi duten errepide berria ere kontuan hartu dute egitasmoa idazterakoan. Lanak egiten apirilean hasita, datorren urterako bukatu nahi dituzte obrak. Hala, 2010. urteko udarako zabalik egongo lirateke igerilekuak. Aurretik herriko beste proiektu batzuetan egin duten moduan, eraikin horrekin ere «energia berriztagarrien aldeko apustua» egin dute. Hala, plaka termikoak jarriko dituzte, aldageletako ura eta igerilekukoaren zati bat berotzeko. Igerilekuaren zorua estaltzeko, berriz, birziklatutako beirarekin egindako gresitezko baldosak erabiliko dituzte. Baldosak Lazkaoko Ezarri lantegian egindakoak izango dira.







